Benita Uribarrena Bollain: durangar erresistentea

Benita Uribarrena Bollain Le Soler-en (Ipar Katalunia) hil zen 2011.eko urriaren 12an. Sortu ordea, Durangon sortu zen 1922ko martxoaren 16an. Bi data horien artean borroka, konpromisoa eta duintasuna batzen dituen emakume baten eta familia oso baten historia dago.

Hamabost urte zituen Benitak martxoaren31ko bonbardaketaren ostean Durango ebakuatu eta Frantziara erbesteratu zenean. Beste euskaldun asko legez La Habana itsasuntzian iritsi zen Frantziara 1937ko ekainaren 2an. Gerra bat atzean utzi eta beste batekin egingo zuen topo laster: II. Mundu Gerrarekin. Militante komunista izanik, nazien okupazioaren aurkako erresistentzian eta erresistentzia antifrakistan buru-belarri murgildu zen bere bizia arriskuan jarriz.

Benita Uribarrenarena argitara ekarri gura dugun durangar erresistente baten historia da.

BENITA URIBARRENA BOLLAÍNen etxean beti egon ziren presente ezkerreko ideologia eta baloreak. Aita, Santiago Uribarrena Munitxa ferrokarrileko langilea zen, sozialista. Amak, Benita Bollain Bilbaok prentsa saltzeko kioskoa zeukan Ezkurdin eta komunista zen. Benita lau seme-alaben arteko gazteena zen eta bere neba-arrebak ere militante komunistak izan ziren.

Marina Fuster Uribarrena, Benita Uribarrernaren alabarenak dira azalpenak.

Ama: Benita La Periodista
Benita Uribarrenaren amak ere Benita zuen izena: Benita Bollain Bilbao. Benita La Periodista deitzen ei zioten, prentsa kioskoa zeukanez, berak ematen ei zien durangar askori hainbat gertakizunen berri. Benita Bollain izan ei zen 1931n Errepublika aldarrikatuko zela durangarrei aurreratu ziena. Horregatik ere atxilotu eta zigortu egin zuten.

Aita 1934an hil
Santiago Uribarrena Munitxa familia karlista batean sortu zen baina ferrokarrileko lan giroak eraginda-edo, sozialismorantz jo zuen. 1934ko urriko grebak zirela-eta, ferrokarrileko hainbat langilek, tartean Santiagok, arma batzuk bildu zituzten eta errekan ezkutatu. Salaketa baten ondorioz, abenduko gau batez, Santiagoren bila joan ziren guardia zibilak. Gauaren hotzean, errekan sarrarazi eta armak entregatzera behartu zuten. Gaixotu eta, handik egun gutxira, 1934ko abenduaren 30ean hil zen Santiago Uribarrena Munitxa. Bere omenez egindakoa izan zen Durangon egindako lehenengo hileta zibila.

Bonbardaketa eta ebakuazioa

1936ko altxamendu faxista gertatu eta lasterrera Benitaren ahizpa Nati eta neba Santi frentera joan ziren Errepublika defendatzera. Benita, ama eta Maria ahizpa Durangon geratu ziren harik eta 1937ko martxoaren 31an uria bonbardatu eta ebakuatu zituzten arte. La Habana itsasuntzian Frantziara iritsi ziren bi ahizpak eta ama 1937ko ekainaren 2an. Goian zerua eta behean lurra, ezelako baliabide barik iritsi ziren erbestealdiaren hasierara.

Beti Erresistentzian
Benita Uribarrena Bollain PCEko kidea zen eta ez zen geldirik egotekoa. Are gehiago, familiako kide guztiek bezala, bi Erresistentziatan aritu zen aldi berean. Batetik nazien okupazioaren kontra eta, bestetik, Francoren eregimenaren kontra. Nazien okupazioaren garaian atxilotua ere izan zen aldean dokumentazioa eta dirua zeroatzala.

Erresistentzia antifrankistan

Geroago, Perpignanen bizi zirelarik, Benita Uribarrenaren ardura izaten zen Parisera Mundo Obrero aldizkariaren bila joan eta muga igaro eta penintsulan sartzea. Beste batzutan Espainian preso zeuzkaten militanteeak mugaz bestaldera pasatzen laguntzen zuen, edo dirua eta dokumentazioa zabaltzen.

 Berrogeita hamabi urte geroago Durangon

1989ko maiatzaren 12a zen Benita Uribarrena Bollainek Durango berriz zapaldu zuenerako. Hainbeste urte herritik urrun egin arren, haren alaba Marinak dio beti izan zuela gogoan bere jaioterria eta itzuli ziren egun hartan umezaroko eta gaztaroko hainbat xehetasun zituela oraindik gogoan.

Informazio gehiago hemen.