Orain 80 urteko etorkizuna

Aurten betetzen dira 80 urte Durangoko emakumeen kartzela itxi zutenetik. Neverseko mojen komentuan jarri zuten faxistek kartzela hori eta estatuko punta guztietatik ekarri zituzten emakumeok. Maria Gorosarrik, EHUko irakaslea eta Durango 1936 elkarteko kidea bera, idatzi du kartzela hari buruzko sarrera interesgarri bezain ezinbestekoa hau.

ORAIN 80 URTEKO ETORKIZUNA


Maria Gorosarri
EHUko irakaslea
Durango 1936 KEko kidea

Durangoko espetxea itxi zutela 80 urte bete dira aurten. Bertara Estatu osoko andreak ekarri zituzten. Durangotik alde egindako Nevers mojen komentuan ipini zuten faxistek espetxea. Andrentzako espetxeek ez zeukaten kartzela itxurarik. Zergatik? Andrei gizartean politikoki parte hartu izana ez aitortzeko. Faxismoari aurre egin zioten andrak gutxiesteko, erregimenaren delitu berrien arabera zigortutako beste andrekin elkartu zituzten (Errepublikak abolitu zituen lege-hausteak, alegia): abortatu edo modu askean prostituitzea (erregimenak andren prostituzioa bakarrik arautu zuen, baldin eta proxenetaren kontrolpean gauzatzen bazen).

Horregatik, presoek ez zioten espetxe esaten, “androntzako biltegi batean” pilatu zituztela azaltzen zuten. Dutxa barik, egunean basobete ur baino ez (edateko edo garbitzeko), ohe barik, aldatzeko arropa barik, eta umeekin zoruan lo egin behar izaten zuten. Gainera, gosearen bitartez, erregimenak hilekoa kendu zien, heldutasun osasuntsurako ezinbestekoa dena eta militante gazteentzako mehatxu legez erabili zena: seme-alabarik izango ez zutela sinistu eragiteko, borrokan amore eman zezaten.

Presoek espetxean erresistentzia sistema eratu zuten, hirunaka antolatuta. Lehen presoa militante gaztea izaten zen, andren aurkako errepresio espezifikoa ulertzen zuen kontzientzia politikodun aktibista, eta irakurtzen zekien taldekide bakarra. Bigarren presoa andra nagusia izaten zen (60, 70 edo 80 urtekoa), premiarik handiena zuen haietako. Hirugarren taldekidea bertako preso bat izan ohi zen, kanpotik pakete gehiago jasoko zituelakoan, beste bi presoekin partekatzeko.
 
Edurne Gorosarri Garnikaren lekukotza:

Orain arte, Durango 1936 Kultur Elkarteak Durangoko espetxean giltzaperatu zituzten 126 militante antifaxistaren izenak bildu baina argi dago askoz gehiago izan zirela (zerrenda behean).

Emakume Durangarren elkartasuna
Andren aurkako errepresioaren oinarria gure militantziaren izaera politikoa ezabatzea zen. Erru bako andreak, ezjakinak, ideologia bakoak… esatean, Errepublikako bizitza sozio-politikoan eta borroka antifaxistan parte hartu izana ezkutatzea da helburua. Andrak menderatzeko faxisten estrategia gauzatzea da, azken finean. Izan ere, faxisten garaipenaren zauria erakusten zuen Durango minduan, hainbat eta hainbat gizon espetxeratu eta eraildakorekin, herrian antolatu zen erresistentzia antifaxista andrena izan zen. Durangar batzuk ezagutzen ez zituzten espetxeko militanteak bisita egitera konprometitu ziren, haien familiak urrun bizi zirelako edo hil egin zituztelako. Bisitak eta iragan antifaxista partekatzen zituzten.
 
 

Durangoko espetxearen itxieraren 80. urteurrenean, orduan andren biltegietan abere moduan sartuta, baina etsitako gizarte batean militante ikusezin izateari uko egin zioten andre horien guztien duintasunaren araberako etorkizuna gura dugu.
 

Informazio gehigarria:

 
"Rosario la Dinamitera" Durangoko kartzelan

Rosario Sanchez Mora, "Rosario la Dinamitera" legez ezagunagoa, Durangoko kartzelan preso egon zen emakumeetako bat da (Bilbo eta Saturrarango kartrzelak ere ezagutu zituen). Miguel Hernandezek bere izena zeroan olerki ezaguna idatzi zion Rosariori 1937an. Maria Gorosarrik 2007. urtean elkarrizketatu zuen bere etxean. Hemen dituzue elkarrizketa horren pasarte batzuk.

 


Durangoko kartzelan preso egon ziren emakumeen zerrenda

(Durango 1936 elkarteak eskuratu ahal izan dituenak. Gure eskerrak lan horretan lagundu digun Jose Angel Orobiourrutiari)