Albisteak

TRAMITERA ONARTUA DURANGOKO BONBARDAKETEN EGILEEN AURKAKO KEREILA

Durango 2017 07 20

Durangoko Lehen Auzialdiko eta Instruzioko 3. Epaitegiak tramitera onartu du gaur Durangoko Udalbatzarrak, 1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen izenean, hiriak 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an jasan zituen bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurka jarritako kereila.

Badihardugu elkartearekin hitzarmena

Badihardugu Euskara Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dugu gaur bertan (2017-06-29), ditugun ikus-entzunezko materialak elkarri erabiltzeko baimena emanez.

Itsasontzi baten…

1937ko maiatzaren 7ko Eguna egunkariak azalean zekarren Habana eta Goizeko Izarra itsasuntziak Santurtziko portutik atera zirela bezperan bi milatik gora ume eta mila emakumerekin Bordele aldera. Faxisten ejerzitoak aurrera egin ahala asko eta asko izan ziren erbestera bidea hartu zuten euskaldunak, Santurtziko portutik lehenengo, eta Santanderretik edo Asturiasko portuetatik ere geroago.

Durango 1936 Elkarteak elkarrizketatuetako askok hartu zuten, ezinbestean, bide hori. Frantziara, Belgikara, Ingalaterrara… ugariak izan ziren, kasu gehienetan ume ziren, lagunon helmugak. Euretako askok ez zekiten nora zihoazen ere. Batzuk familia ia osoak ziren. Beste kasu batzuetan neba-arrebak banandu egin zituzten… Batzuk gerra bukatu aurretik itzuli ziren euren herri eta etxeetara. Beste batzuk urteak egin zituzten erbestean eta bakarren bat ez zen egundo itzuli.

España entra en Durango

1937ko maiatzaren 1eko FOTOS aldizkariaren azalak Espainia Durangon sartu zela zioen, apirilaren 28an jausi baitzen Durango faxisten eskuetan. Durango 1936 Elkarteak jaso dituen lekukotasunen artetik bakarrean egiten da berba tropa faxistak Durangora sartu zirenekoaz. Martxoko bonbardaketen ostetik apenas baitzuen biztunik Durangok. Purificación eta Juanita Etxaburu Isasi ahiztak hiru bat aste Maumako baserri batean egon ostean Durangora itzuli ziren familiarekin Francoren tropak urian sartzen ari zirenean.

Aitak jasotako mehatxuak eta atxiloketa, Francoren moroen presentziaz eta etxez etxeko arpilatzeaz badute zeresanik Purificacionek eta Juanitak.

XXV. Castet Eguna

Datorren apirilaren 23an, domekaz, ospatuko da XXV. Castet Eguna Zaldibarren. Herritarrei 10:00etan udaletxean batzeko deia egin zaie eta 12:00etan Santamañezarren, faxismoak hildako zaldibartarren monolitoan izango da oroimen ekitaldia.

Korrika eta debekuak

Datorren barikuan, apirilak 7, 20. Korrika Durangotik igaroko da eta Durangon 1936 Elkarteak lekukoa eroango du kilometro batez. 2122. kilometroa izango da gurea eta Laubidietatik gora doan Gasteiz Bidean hartuko dugu lekukoa, 18.55ean.

Albiste honetan euskararen aldeko lasterketak sortzen duen zirrara bizi hori eta iragan ez hain urrunean gure hizkuntzak jasandako mespretxu eta debekuen memoriarekin lotu gura izan ditugu. Izan ere, 1936ko altxamendu faxistaren ondorio eta helburuetako bat izan zen euskara desagerraraztea eta hiztunak gutxiestea.

Sarrera honetan lotu ditugun bideoetan menperatzaileen jokabidearen lagin txiki bat baino ez duzu aurkituko: euskaraz egitegatik salatutako jendea eta salatzaileak; eskolan euskeraz egiteagatik edo erderaz ez jakiteagatik zigortuak; euskal izenak aldatzera behartutakoak, … Lagin txikia baina argigarria.

Rosario Mendibe Atxurra: Batzokiko ikastolako ikaslea

Rosario Mendibe Atxurrak egingo du aurtengo bonbardaketaren oroimen ekitaldiko lore eskaintza. Rosario Batzokiko ikastolara joan zen umeetako bat izan zen. Altxamendu faxistak eten zuen ikastolaren ametsa baina ez hori bakarrik. Rosariok zuzenean ezagutu zituen galtzaileen bandoan suertatzearen saminak. Etxetik ihes egin behar lehenengo eta bueltan etxerik ez; aita fusilatu zutelakoan, hildakotzat (bizirik zegoen, trabajadoreetan Extremaduran), amaren neba bi kartzelan… Eta eskola frankistan euskaldunekiko giro errepresibo eta zigortzailea. 

Martxoaren 31 gogoan. Jose Antonio Olea Garaita eta Alberto Barreña Elizegi

Jose Antonio Olea garaita eta Alberto Barreña Elizegi 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren lekuko zuzenak izan ziren. Kalebarrikoak ziren biak eta egun hartan zoritxarrak oso modu ezberdinetan kolpatu zituen. Jose Antoniok bi anaia eta aitite galdu zituen bonbardaketan. Albertok egun hartan bertan ez baina aurrerago anaia baten desagaertzeak dakarren zama eroan behar izango zuen bizkar gaiean. 

Bereziki azpimarratzekoa da biek ala biek bonbardaketaz eta haren ondorioez hitz egiteko beti izan duten prestutasuna eta belaunaldi berriei transmititzeko gogoa.

2016ko otsailean hil zen Jose Antonio eta 2017ko urtarrilean Alberto.