|
DURANGARROK ESKER TXARREKOAK
OTE GARA?
Atzo, martxoaren 31n
faxistek Durango bonbardatu eta 300etik gora herritar
hil zituzten 71 urte izan ziren. Aurten ere, beste behin,
hainbat durangar Andra Mariko elizpearen inguruan batu
gara egun horretan, ekintza hori salatzeko eta
arbuiatzeko eta, nolabait, halakorik berriro inon inoiz
gertatu ez dadin eskatzeko. Ekitaldiak badu bere
garrantzia, oraintsura arte “lur azpian gorde diren
isildutako berbak” izan dira-eta.
Edozelan ere, bonbardaketaren ondoren
Durangoren garbiketaz eta berreraiketaz hainbeste lan
egin zuten batailoietako preso-langileei eskertzeko
garaia ere heldu dela uste du Durango 1936 Kultur
Elkarteak. Faxistek Espainia osotik ekarri eta lan
egitera behartu zituzten. Besteak beste, Andra Mari
eliza eta elizpea konpondu zituzten. Preso-langileak
Bilboko Orue etxean eta Durangoko Nevers ikastetxean
egondako espetxeetatik ekartzen zituzten, azken hori
emakumeen kartzela izan aurretik. Gainera, preso-langileek
askotan lagundu zieten hainbat durangarri gerra-osteko
bizimodu latza gainditzen.
Herria garbitzeko inguruko baserritarrak ere
beharrera behartu zituen errejimen berriak. Durangarrok,
ordea, bai herrikideei bai preso-langile horiei halako
lana egiteagatik inoiz eskerrik eman diegu? Udalak
eskerrik erakutsi ote die? Herritarrok halako eskaririk
egin dugu?
Bada garaia esker txarrekoak izateari uzteko!
Horregatik, Durango 1936 Kultur Elkarteak honakoa
proposatu gura du: durangarrok eta gure erakundeek
Durango garbitzen eta berreraikitzen jardun zuten preso-langileei
eskerrak ematea, dela gure eskerrik beroenak jasoko
lituzkeen plakaren bat edo oroitarriren bat jartzea,
dela zor diegun omenaldia antolatzea.
Eskerrik asko guztiei eta
hurrengo martxoaren 31ra arte.
Durango 1936 Kultur Elkartea |