|
Jarduerak 2007
Durangoko udalbatzarreari aurkeztutako oroitarri-egitasmoa
(2007-11-12)
Herriaren askatasunaren alde, frankismoaren aurka,
euren bizitza eman zuten durangarrei oroigarria
eraikitzeko proposamena
Helburua
Oroigarriaren eraiketaren helburua frankismoak
eragindako hildako durangar guztiei gorazarre egitea
da, hau da, herriaren askatasunaren alde euren
bizitza eskaini zuten guztiei, eta gerrate zibilaren
garaian edo horren ondorioz hil ziren, hil zituzten,
desagertu ziren eta desagerrarazi zituzten guztiei.
Oroigarriak ez du hildako edo desagertutako inoren
izenik izango, eta ez du inolako talderen ikurrik
erakutsiko. Anitza eta akonfesionala izango da,
guztiak batzeko modukoa, eta inskripzio soila baino
ez du izango, honelako zerbait adieraziko duena:
‘Herriaren askatasunaren
alde, frankismoaren aurka, euren bizitza eman zuten
durangarrei. Durangarrok, 2008-11-09”.
Non
jarri
Oroigarria jarriko den tokiak beraren itxura
baldintzatzen du eta, beraz, zein izango den
lehenbailehen zehaztea guztiz beharrezkoa da.
Alkateak berarekin maiatzean izandako elkarrizketan
toki bi eskaini zizkigun: Zuhatzola parkea (bertan
epe laburrean jartzeko moduan) eta Ezkurdi ondoko
parke berrian (epe ertainean jartzeko eran). Gure
elkarteak beste egongune bat proposatzen du:
Kurutziaga, egokiena begitantzen zaigulako
(nolabait, garai horretako gune esanguratsua
delako).
Edozelan ere, egongunea zehaztea eman beharreko
lehenetako urratsa da, oroigarriak izango duen
tokiak beraren ezaugarriak mugatzen dituelako neurri
handian.
Zelan egin
Proiektua Debako Arte Eskolak egingo luke,
eta pertsona-egilerik ez luke izango, hots, ez luke
artegilearen izenak oroigarria sinatuko. Debako
Arte Eskolak ikasleekin dituen ohiko prozedurak
jarraituz egingo luke proiektua.
Oroigarriaren ezaugarriak
Oraingoz oroigarri zehatza proposatzen ez den arren,
jartzeko tokia zehaztu arte ezina delako,
oroigarriaren zenbait ezaugarri aurreratu egiten
dira:
-harriaz (kareharria, haitzetako harria) eta
burdinaz egina izango litzateke (harriak
Durango/Durangaldea garai mugagabean irudikatuko
luke, une zehatz batetik gaindik, eta budinak garai
zehatz horretako Durango behargin eta industriala);
-harriak, ingurura egokitua, tamaina emango lioke
oroigarriari;
-burdinak ezaugarri berezia eta bitxia emango lioke
garai horretako gizartearekin lotuz; gainera burdina
Saibigain borroka-tokian batutakoa litzateke, neurri
batean behintzat;
-lehenago aurreratu den legez, inskripzio bakarra
izango luke (‘Herriaren askatasunaren alde,
frankismoaren aurka, euren bizitza eman zuten
durangarrei. Durangarrok, 2008-11-09”), beste
inolako ikurrik edo inskripzio barik, artistikoak
izan ezik, noski.
Egitasmoaren aurrekontua
Egitasmoaren aurrekontua 50.000 eurokoa izango
litzateke, gutxi gorabehera. Berau zehazteko kontuan
hartu dira oroigarriaren tamaina, materialak,
Debako Arte Eskolak egindako lana eta kokatzeak
ekarriko lituzkeenak. Egitasmoa aurrera doan
neurrian, aurrekontu zehatzagoa egin beharko
litzateke.
Egitasmoaren kudeaketa
Oroigarriaren eraiketaren urrats guztiak kudeatzeko
batzorde berezia sortuko litzateke, Durangoko
udalbatzarrak eta
Durango 1936 kultur
elkarteak izendatua.
Batzorde horrek oroigarriaren tokia eta beraren
ezaugarri orokorrak (bolumena eta materialak)
mugatuko dituen egitasmo zehatzagoa egingo luke, eta
Debako Arte Eskolarekiko harremanak
koordinatu eta zuzendu.
Durangon, 2007ko azaroaren 12an
Durango 1936 kultur
elkartea
|