Durangoko bonbardaketaren 72. urtehurrena oroitarazteko ekitaldiak direla eta
Datorren martxoaren 31n durangarrok berriro ekarriko
dugu geure gogora orain dela 72 urte jasandako bonbardaketa ikaragarria. Bere
askatasunari gogor eustearren, faxistek suntsitu eta ikaratu nahi izan zuten
gure herria.
Badira makina bat urtetik hainbat durangar Andra
Mariko elizpean batzen gara martxoaren 31 guztietan iluntzean, oroitzapen latz
hori gogoratzeko eta berriro beste inon gerta ez dadin lau haizetara
aldarrikatzeko. Ekitaldi hau urteetan antolatu dute Gerediaga, Berbaro eta
Kriskitin elkarteek, eta eskerrak eta zorionak helarazi nahi dizkiegu horregatik,
eta ekitaldi honen inguruan antolatu dituzten hitzaldiengatik.
Durango 1936 Kultur Elkarteak
bat egiten du deialdi honekin eta bertan parte hartzera deitzen die durangar
guztiei. Garrantzi handikoa da guretzat belaunaldi berriei gertatu zena
oroitaraztea, bereziki berriro gerta ez dadin egunero-egunero egin dezagun lan.
Baina, ostera, bestelakoa da gure iritzia azkeneko bi
edo hiru urtetan hilerrian eguerdian Durangoko Udalak antolatzen duen
ekitaldiari buruz. Ez dugu bat egiten ekitaldi horrekin, eta gaitzetsi egiten
dugu. Arrazoiak behin baino gehiagotan jakinarazi dizkiogu Udaleko
arduradunei eta zinegotziei, ahoz eta idatziz.
Durango 1936 Kultur Elkarteak
ez du ulertzen zelan burutu daitekeen, burutzen ari den legez, Adiskidetzea
eta Bakea bezalako ekitaldi hori halako ezaugarriekin: a) Durangoko Udalak,
frankismoaren garaian, ikerketa oso zehatza egin zuen faxismoa ezartzeko euren
bizitza eman zuten durangarrak nortzuk izan ziren jakiteko; b) Durangoko
Udalak ia berrogei urteetan zehar faxismoari ezartzearren bizitza eman zuten
durangarrak omendu ditu esklusiboki; c) Durangoko Udalak ez du
ikerketarik burutu Errepublikaren eta Euzkadiko Gobernuaren alde
euren bizitza eman zuten durangarrak nortzuk izan ziren jakiteko; d) ikerketarik
egin barik zerrenda bat osatu zuen hildako durangarrekin (bonbardaketetan
hildakoak, faxismoa defendatzearren hildakoak eta askatasuna defendatzearren
hildako batzuk), eta oroitarri berean omentzen ditu denak batera; e) marmolezko
plakako zerrendan euren bizitza Errepublikaren eta Euzkadiko Gobernuaren
alde eskaini zuten hainbat durangarren izenak falta dira (zer bitarteko jarri
ditu Udalak berauek identifikatzeko? Ez du Udalak pentsatu
iraintzat hartu daitekeela batzuen alde horrenbeste egitea –iraganean izan arren-
eta besteen alde hain gutxi?; f) berradiskidetzeko eta bakea aldarrikatzeko
ekintza kapera katoliko batean egiten da, eta ahaztu egiten du Udalak
Errepublikaren eta Euzkadiko Gobernuaren alde borrokatuz hil ziren
durangar asko ez zirela sinismen horretakoak; horrela, bide batez, katolizismoa
ezarri egiten da Adiskidetzea eta Bakea aldarrikatzeko; g)
Adiskidetzea eta Bakea aldarrikatzeko egin nahi den ekintza faxistek euren
aldeko hildakoak esklusiboki omentzeko eraikitako kapera batean egiten da, hots,
ahaztu egin nahi da tokiak sorrera faxista duela eta toki horretan beti omendu
direla faxistak, eta luzaro beste batzuk baztertu direla; h) marmolezko plaka
egin aurretik ez zaie senitartekoei jakinarazi; eta horrela jokabide jakin bat
ezartzen da, benetako adiskidetzeak izan beharko lukeen metodoarekin bat ez
datorrena.
Horregatik guztiagatik Durango 1936 Kultur Elkarteak
ez dio babesik erakutsiko hilerrian marmolezko plakaren inguruan egingo den
ekitaldiari. Zelan omendu daitezke batera askatasunaren alde borrokatzearren
fusilatutakoak edo desagerrarazitakoak eta berauek erail dituzten faxistak,
azken hauek askatasunaren borrokalarien lurperatze tokia bera ere jakitea ukatu
dietenean senitartekoei? Zelan omendu daitezke toki horretan askatasunaren
aldeko borrokalariak berrogeitaka urteetan zehar leku berean faxismoa
ezartzearren hildakoak era esklusiboan omendu direnean? Zelan omendu daitezke
bonbardaketaren urtemugan bonbardaketan hildakoak eta bonbardaketa planifikatzen
eta egiten lagundu zutenak?
Amaitzeko, urtero legez, Andra Mari elizpean elkartuko
gara martxoaren 31ko iluntzean.
Durango 1936 Kultur Elkartea
Berria
egunkariko iritzi artikulura
lotura.
Anboto
astekariko iritzi artikulura
lotura (18. orria).
Kaos en la red-en
iritzi artikulura
lotura.