Epifanio Osoro ote dago Ezkaban deshobiratuen artean?

 

Epifanio Durangoko gazte anarkista izan zen, 1936ko azaroaren 1ean Iruñako Ezkaba presondegian fusilatu zutena 22 urte zituenean.

 

 

 

 

 

Epifanio Osoro Ikobaltzeta

1935eko maiatzean epaitu eta errudun zelakoan 10 urteko kartzela zigorra jaso zuen lapurreta egotzita, orduko agintari errepublikarrek ez baitzieten motibazio politikako ekintzatzat onartzen anarkistei. Altxamendu faxista gertatu aurretik, 1936ko ekainean hain zuzen, lekuz aldatu zuten Iruña ondoko Ezkabako presondegira, eta han, preso, harrapatu zuen gerrak.

 

Faxistek, 1936ko azaroaren 1ean, hainbat preso anarkista fusilatu zituzten, ihesaldi baten ahalegina leporatuta, tartean Epifanio Osoro Ikobaltzeta.

 

Gaur, 2022ko martxoaren 22an, prentsan irakurri dugu Ezkaba inguruetan Aranzadik eginiko deshobiraketa lanetan 17 gorpu aurkitu dituztela, buruan pistola tiro bana dutenak. Antza, anarkistak izan ziren eta Ezkaba presondegian zeuden. Lurperatzerakoan leku gutxi erabili nahi ei zuten faxistek eta horregatik bi geruzatan jarri zituzten gorpuak.

 

Ez dakigu tartean Epifanioren gorpua dagoen, baina hala balitz ere, zaila izango da baieztatzea, guk dakigunagatik ez baitzuen ondorengorik, eta bere arreba bakarrak ezta ere.

 

Bego gure gogoan! Beude gure gogoan! Osasuna eta askatasuna!